Gauza jakina da tokiko merkataritzak eta ostalaritzak kaleetan, auzoetan eta herrietan bizitza sortzen laguntzen dutela. Izan ere, hiri dinamizazioan eragin zuzena dute, harremanak sortzen laguntzen dute eta segurtasuna bera ere, bermatzen dute. Finean, tokiko merkataritzak, ostalaritzak eta zerbitzu enpresek gure kaleetako bizi kalitatea hobetzen dute.
Gainera txikizkako merkataritzak, tokiko ekonomia indartzen du eta kontsumo arduratsua ere bultzatzen du.
Hau guztiaren jakitun, 1990. urtean Urretxuko eta Zumarragako merkatari talde batek indarrak batu eta Urretxuko eta Zumarragako merkataritza garapen jasangarri baten alde lan egitea erabaki zuen, Bi-Tartean Elkartea sortuta. Hala, Urretxu eta Zumarragako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu-enpresak sustatu eta hobetzeko eta bide batez, ingurumenarekiko jasangarritasuna eta jasangarritasun soziala eta ekonomikoa orokorra indartzen laguntzeko helburuarekin ekin zion bideari.
Bi-Tartean-ek 33 urtez lan handia egin du merkataritza-sektorea indartu eta hiri-inguruak dinamizatzeko, eta baita bezeroei kalitatezko arreta pertsonalizatua eskaintzeko ere, bai zerbitzuan nahiz produktuetan. Bidelagun izan ditu horretarako Urretxuko eta Zumarragako udalak, Urola Garaia Udal Elkartea, Urola Garaiko Garapenerako Agentzia eta Eusko Jaurlaritza.
Oztopoak gaindituz eta helburu eta erronka berriak ezarriz Bi-Tartean Elkarteak gaur egun ere, lanketa horretan dihardu, etengabe berritzen eta indartzen.
Bizi dezagun herria!